!AVE, OSOS! ikuskizunari buruz Arantzazu Fernandezaren kritika Berria egunkariarentzat.


El mono habitado konpainiaren ¡Ave, osos! obraren irudi bat.

Kritika. Anterkia.

Arantzazu Fernandez.

2021eko urtarrialk 12

Uso mezularia etxeko sukaldean

Jose Mari eta Txema bikotekideei uso bat sartu zaie etxeko sukaldean. Hegaztia jainkoaren mezularia baino ez da. Mutilak ateoak ditugu; beraz, ez dute mirarietan sinesten, baina txoria hortxe dute, egoskor, eta, gainera, hiztun: Jainkoa gutxiengoekin adiskidetu nahian dabil, eta, horregatik, gurasoak izateko aukeratuak izan direla diotse. Honaino ¡Ave, osos! komediaren laburpena. Eta egia esatera, sinopsia irakurrita kontrako aurreiritzia zabal daiteke, zeren, La Cake aux Folles antzezlanean (1973) bezala, bada komedia tradizio bat, non harreman homosexualak, umorez normalizatzeko aitzakian, barregarri uzten dituzten.

Alta, ¡Ave, osos! ez da bide horretatik abiatzen, Pez Linboren Oxido lanaren umore absurdo eta adimentsutik zein El mono habitado taldearen Benditas todo viene del cielo-ren planteamendu barregarritik baizik. Gainera, aipatutakoetan bezala, Begoña Martin Trebiño eta Raul Camino oholtzan aritzen dira. Baditugu, beraz, kalitaterako hainbat berme.

Ekintza guztiak etxeko egongelan garatuko dira, erritmo biziaz. Usoa ez da sukaldetik aterako, baina bai bertara sartu beste hiru pertsonaia nagusi. Elkarrizketek, eszenen arteko trantsizioek, ez dute erritmoa galtzen. Lau aktoreen lana eskertzekoa da: mikrofonorik gabe ahotsa argi eta garbi proiektatu eta gorputzaz jolasean, orain antzezpen naturalistara, orain gorputz espresiora jota, vaudeville gaurkotu baten antzera. La Funanbulistaren jantziek beti dute kutsu berezia, eta musika era oso egokituan dago txertaturik. Ez da falta ez sofarik ez sartu-irten azkarrak egiteko aterik, betiere, antzezlanak zabaldu nahi duen mezuaren mesederako. Protagonistek defendatzen dute, Cachorro pelikulan (2004) legez, beste era bateko gurasotasunak badirela, jaungoikoari parez pare hitz egitea badagoela eta Vatikano matxista eta homofobo horrek mafioso antzera jarduten duela. Amaiera ez dago oso urrun Children of Men-enarenetik (1992, 2006); tonua, berriz, bai, zeren ¡Ave, osos! obran ikusleek 80 minutu barrez oso gustura pasatu baitituzte.